http://musikazuzenean.com/public/uploads/durango_2018_morau.jpg

Morau
Diskoa: Egunsentiak Alperrentzat


Musikaria: Morau
Diskoa: Egunsentiak Alperrentzat
Edizioa: Autoekoizpena
Kantu kopurua:  7
Argitaratze data:  2018ko otsaila
Salneurria 12 euro

Amarekin ia-ia goizero, egunsentiaren inguruan emandako paseoen kronika egiten du Morauk disko berri honetan. Hamar urte baino gehiagotan gertatutako paseo horien aitzakiarekin kantari hernaniarrak, gaixotasunaz (amaren alzheimerraz, batik bat), zaintzaz, familia-harremanez, maitasunaz edo heldutasunaren bilakaeraz hitz egiten du. Horretarako, egunerokotasunean kokatu du bere begirada zorrotza, eta gertakari, pasadizo, irudi txikiz josi ditu kantuok, dramatik urrunduz eta gaixotasunarekin lotutako topikoei alde eginez. Bukaera eta hasiera jakineko bidaia da Morauk proposatu diguna lan honetan, baina tartean hamaika zirrikitu zabaldu eta gogoeta bat baino gehiagorako bide uzten duena. Une hunkigarriz betetako diskoa osatu du horrela, Hernaniarraren diskorik sentikorrena orain arte.

Facebooken, broma baten gisara, hasitako zerbaitetik hartzen du izena diskoak honek. Azken lau urtetan Morauk, egunsentiarekin lotutako argazki bana bota zuen amarekin egindako paseo bakoitzaren lekuko. Egunsentiak Alperrentzat eta zegokion data ziren epigrafe bakarrak, beste inongo azalpenik gabe. Horrela osatu zuen argazki bilduma hau (https://flic.kr/s/aHsjKEBQn2). Argazkiez gain, urte horietan guztietan egindako paseoen inguruko gertakariak, ideiak, sentimenduak, oharrak jaso zituen idatziz, zirriborro moduan, eta gero testu eta kantu bihurtu bere blogean, (http://morau.eus/blog/category/egunsentiak-alperrentzat/page/6/). Hausnarketa etengabe horretan datza disko honen mamia.

Musikalki, Morauren diskorik intimistena da, zalantzarik gabe, eta ohiko bideetatik jotzen duen arren; pop, folk, lelo argitsuak… aurreko lan guztiak, baina geldo eta gozoagoa da zazpigarren hau. Bere ahots eta gitarrarekin soilik grabatutako disko akustikoa da, non nabarmenak diren Beñardo Goietxeren koroak eta Giorgio Bassmattik Bi argazki kantuari egin dion berrirakurketa poperoa. Osagarri horiekin egin du Hernanikoak bere lanik helduena. 2017Ko irailean Ereinotzuko Aieka estudioan grabatu zuen Peio Gorrotxategik, eta Mamia estudioan masterizatu zuen Jonan Ordorikak. Azkenik, aurreko lanarekin  egindako autogestioaren aldeko apustuarekin jarraituz, CC banatu berdin lizentziapean argitaratu du diskoa. Esan behar, gainera, eskuz osatutako 500 alez osatutako edizioa da, eta auzolanean muntatu zutela lagun koadrila batek 2018ko urtarrilaren amaieran.

Poliki dastatzeko diskoa da, ahoan zapore handia utziko diona entzuleari, detailez josia baitago eta, azken finean, esperientzia unibertsalez ari baita Morau. On egin!

Harremanak
tolosaandoni@gmail.com

Sarean
https://morau.bandcamp.com/
https://www.facebook.com/iamorau/

Entzun hemen